Ikasten elkarteak Ohiko Batzar Nagusia egingo du ostegun honetan, otsailaren 13an, 11:00etan, Eibarko Armeria Eskolan. Bertan, 2024. urteko balantzea egingo dute, eta Ikasten eta Esperientzia Eskolaren egoeraren berri emango dute, baita iaz egindako jardueren inguruan ere. Gainera, presidentetza berrituko da, bost urtez karguan egon ostean, Patxi Mutiloak Mertxe Arriolari utziko baitio bere postua.
Patxi Mutiloak karguan egin dituen bost urte hauek lan handikoak izan dira, “denetarik egon da”, hasi eta berehala pandemia egoera bati aurre egin behar izan baitzion. “Ekintza guztiak berrantolatu behar izan genituen, eta urte batean egiten den ikastaroa bitan egin behar izan genuen”, gogoratu du.
Jarduera eta osasun ona
Ikastenen jarduerek zerikusi handia dute Esperientzia Eskolako promozio bakoitzak garatzen dituen proiektu sozialekin (‘Berriketan’, ‘Marea Gora’ eta ‘Agurtzen’, adibidez), eta jendearen parte-hartze eta inplikazio handiaren ondorioz, jarduerek arrakasta izaten dute eta oso ondo baloratuta daude. “Jarduera batzuekin arazoak ditugu aforoarekin, jende asko etortzen ari baita eta topera gaude”, kontatu du egungo presidenteak.
Ikastenek osasun ona du, bai jarduera aldetik eta baita ekonomia aldetik ere. Mutiloaren esanetan, “noizbait egoera ekonomikoa delikatua izan zen, baina orain guztiz finkatuta dago”.
Bi erronka
Lehendakaritza utzi arren, Mutiloak Ikasten elkarteko kide izaten jarraituko du, hainbat batzorde eta jardueratan parte hartuz. “Batzordeek ia modu autonomoan funtzionatzen dute, eta zuzendaritzak babesa eta laguntza eskaintzen die”, kontatu digu.
Egungo lehendakariak azpimarratu du Ikastenek bi erronka nagusi dituela orain: “Bat, gizon gehiago gerturatzea. Gaur egun, proportzioa 80-20koa da. Eta bi, bulego propioak izatea, gaur egungo bulegoa beste batzuekin partekatzen dugulako”. Mertxe Arriola “ilusio handiz” jarriko da erronka horien aurrean, eta honako hau ere aipatzen du: “Eibartik harago, Debabarreneko beste herrietatik jende gehiago etortzea nahi dugu”.
Fecha: 31 de marzo, lunes
Hora: 17:00-18:30
Lugar: Escuela Armeria
Duracion: 1h30