Marea Gora hitzaldi-zikloa bukaerara iritsiko da Imanol Querejetaren ‘Gizartearen psikiatrizazioa eta etorkizunera begirada’ hitzaldiarekin. Querejetak, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko erretiratuak, UPV/EHUko irakasle elkartuak eta iraganean hedabideetan ohiko kolaboratzaileak, medikalizazioak pertsonen bizitzan duen gero eta eragin nabarmenagoan jarriko du arreta.
Querejetaren hitzaldia uztailaren 23an izango da, asteazkena, 19:00etan, Debako Kultur Etxean, eta aurreko beste hiru hitzaldiak bezala, doakoa izango da.
Hiru gako
Querejetaren ibilbide luzeak kontatzeko asko duela pentsatzera gonbidatzen gaitu eta, hain zuzen ere, hala da. Edonola ere, hitzaldi atsegin bezain aberasgarria ematen saiatzea proposatu da, landuko den gaiaren errealitatea ikusteko eta etorkizunari begirada bat emateko. “Aspertu gabe eta ordu eta laurdenetik pasa gabe”, komentatu digu.
Psikiatriaren eredu biologikoaren ebaluazio faltaren eta gehiegizko pisuaren ondorioz, tratamendu biologiko gehiegi erabili dira, eta askotan erabili izan dira beste modu batzuetan landu litezkeen koadro arinak sintomatikoki tratatzeko.
Egoera hori ulertzeko, Querejetak hiru gako emango ditu hitzaldian. Lehenik eta behin, sarrera bat egingo du historian zehar Psikiatria zer izan den azaltzeko, eta, aldi berean, errepaso labur bat egingo du Euskal Herrian arreta psikiatrikoa nola ezarri zen azaltzeko. “Aitzindariak izan ginen estatu osoan”, esan digu. Eta ondoren, hortik aurrera zer gertatzen ari den kontatuko digu. “Bada gizarte bat gaixotasunak eta osasun gehiegikeria edo muturreko kontsumoa sortzen dituena”, ondorioztatu du.
No hay nada de momento