Ego ibaiak Eibarren izan duen eragina aztertuko du bihar Jesus Gutierrez historialariak

Berriak

2026/01/28

Ikasten elkarteak beste hitzaldi bat antolatu du biharko, urtarrilak 29, Portalea eraikinaren areto nagusian. Oraingo honetan, gertutik ezagutzen dugun gai bati helduko diogu, ez baikara urruti joan beharko protagonistak ezagutzeko. Batetik, Ego ibaia izango dugu hizpide eta, bestetik, hizlaria Jesus Gutierrez historialari eibartarra izango da. Saioa 10:00etan hasiko da eta ‘Ego ibaiaren eta Eibarko industriaren eragina’ izango da izenburua.

Jesus Gutierrezi hitzaldiaren nondik norakoak azaltzeko eskatu diogu eta, gaiak askorako ematen duen arren, honakoa kontatu digu: “Gezurra dirudi gaur egun erdi klandestinoa den erreka edo ibaia zein garrantzitsua izan den historian zehar Eibarko industrian. Burdinolak, errotak... Eibarko ekonomia metalurgian oinarritu izan da eta Egok berebiziko garrantzia izan du horretan. Hasieran nekazaritzako tramankuluak izan ziren, XIV. mendean arma zuriak eta, transformazio horretan, gero suzko armak. Beti ere, horiek ekoizteko beharrezkoa izaten zen errekaren indarra, burdinolak martxan jartzeko eta transformazio hori egiteko”.

Bestetik, Eibarrek eta Ego ibaiak duten kokapen geografikoa aztertuko du. Izan ere, antzina, gauzak lurretik garraiatzea garestia eta arriskutsua zen, eta itsasontziak erabiltzen ziren gehien bat. Zentzu horretan, Altzolatik Deba ibaia nabigagarria denez, ibaiak garrantzia handia izan du gauzak garraiatzeko eta munduko beste toki batzuekin harremanak egiteko orduan. “Gure modurik onena izan zen gure gauzak mundura zabaltzeko eta, kontrara, munduko gauzak hona ekartzeko”, historialariaren berbetan.

Horrez gain, Gerra Zibilaren ostean, Eibar berreraiki zen urteetan, Ego ibaia nola estali zuten aztertuko du Gutierrezek. “Hiriaren % 75 txikituta gelditu zen bonbardaketen ondorioz, eta bi helburu nagusirekin estali zuten ibaia. Batetik, zabortegi hori txukuntzeko. Eta bigarrenik, etxebizitzak eta industria eraikitzeko tokia egiteko”, argitu digu.

Gainera, urrian Eibarko errekan barrena ibili ziren hainbat lagun eta egun horretako irudiak erakutsiko ditu, gaur egun estalita dagoen erreka nola dagoen ikusteko.

Kontu horiek eta gehiago izango ditu mintzagai bihar Jesus Gutierrezek, eta ziur bi orduak motz geldituko direla esateko duen guztiarekin.


DEE

DEBABARRENEKO ESPERIENTZIA ESKOLA

55 urtetik gorakoa bazara eta erretiro aurreko etapan edo erretiroan bazaude, ez egin zalantzarik eta eman izena DEEn!

Inskribatu

Hurrengoko jardunaldiak

Gogoratu: IKASTENek antolatutako jardunaldietan edozein pertsonak har dezake parte

IKASTEN eko argazki bilduma

IKASTEN en jarduren inguruko argazkiak.

Bideoa

Ikastenekin zerikusia daukaten jardueren azkenengo bideoa.