Ermuko, Elgoibarko eta Eibarko 18 ikaslek osatzen dute ikasturtea amaitu berri duen Debabarreneko Esperientzia Eskolako 21. promozioa, eta ostiraleko klasusura ekitaldian diplomak jaso zituzten.
Marian Malaxetxebarria Ikasten elkarteko partaideak aurkeztuko zuen ekitaldian Jon Iraola Eibarko alkateak, Merche Arriola Ikasten elkarteko presidenteak eta 21. promozioko hiru ikaslek, Ana Garate, Arantza Quintano eta Aitor Amuategik hartu zuten parte, eta azken hauek azaldu zuten kurtso honetan landu duten proiektu soziala, Eibarko iragana iruditan izenekoa: “Ikasturte honetako proiektua erakusketa bat da, eta bertan Eibarko txoko esanguratsuak erakutsiko ditugu, begirada bikoitz batetik abiatuta: Angel Guenaga artista eibartarraren artelanak, iraganeko irudiekin konbinatuta. Guenagaren 12 lan aukeratu ditugu, eta bakoitzaren ondoan kokapen bera erakusten duen antzinako argazki bat erakutsiko dugu. Horrela, Eibarren eraldaketa nabarmenduko dugu, eta gure herriko arte piktorikoari eta ondare fotografikoari balioa emango diegu”.
Horrela, ‘Eibarko iragana iruditan. Angel Guenaga margolariaren begirada, antziñako argazkiekin jolasean izenburupean’, ostiral honetan (maiatzak 29) zabalduko dute erakusketa, Untzaga gizarte zentroko Airas aretoan, eta bertan egongo da ikusgai, ekainaren 5era arte.